Gaurko Greba Orokorraren “arrakasta” behin eta berriz nabarmendu da egunean zehar. Langileen eta enpresari ttikien parte hartzea handia izan da, eta hala izan dute egunean zehar antolatutako mobilizazioek ere. Goiz goizetik Unibertsitate Publikoan eta enpresa handiak kokatzen diren industriaguneetan mobilizatu dira ikasle zein langileak, eta goizaren erdialdean Iruñeko Alde Zaharrean elkartzen joan dira Nafarroa osotik etorritakoak. Eguerdian Gaztelu Plaza jendez gainezka zegoen, eta poliki-poliki abiatu da sindikatuen gehiengoak deitutako manifestaldia. Grebaren aldeko eta patronalarekiko lagunkidetza salatzeko oihuak nabarmendu dira ibilbidean zehar, eta kaleratzeak behin eta berriz salatu dira, lanik gabe gelditu direnekiko elkartasuna erakutsiz.; UPNren egoitzatik pasatzean nahiz Corte Ingles inguratzean horiekiko gaitzespena nagusitu da. Izan ere, Corte Ingles irekita egon da gaur, eta hamarnaka polizia izan ditu atarian enpresa pribatu horren eraikina babesteko. Ibilaldia Gaztelu Plazara itzuli da, eta jendetza sartzeko bertan lekurik ere ez zela ematen zuen. 10.000-12.000 lagun artean kokatu dute parte-hartzea.
Behin plazara iristean deitzaileak izan diren sindikatuetako ordezkariek hartu dute hitza, HIRU, EHNE, ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK taldeetako bozeramaileek. Bertzeak bertze, “mundu justuago baten aldeko” borrokan kokatu dute gaurko Greba eguna, eta guztiek ere parte-hartzaileak zoriondu dituzte “gaur emandako urratsarengatik”. Orain arte langileak euren gainean eroritako “euri zaparradari eusteko aterkia irekita” egon omen dira, baina gaurkoan “aski da!” adierazi dela nabarmendu dute. Gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, gaitasun gutxituak… guztiak ere kontutan izan dira langile eskubideen murrizketak eta lan-baldintza kaskarrak gogoratzerakoan. Eta langilego osoaren borrokaren beharra nabarmendu da “enpresarien eta bankuen” eskuetan, horien etekinen alde, egun indarrean dagoen ereduari aurre egin eta alternatiba osatzeko. “Potrotaraino gaude patronalaren mehatxuez eta koakzioez, diru publikoa banketxeei emateaz; Gobernuaz, Parlamentuaz, gaur lanean ari dena normaltasuna erakutsi nahiean. Hau da erantzuna: Plaza betea Gobernuaren aurrean!”. Gisa hortako adierazpenek jendetzaren animoa piztu dute, eta agerian gelditu da gizartean krisiaren eta egoeraren larritzearen ondorioek herritarrengan piztu duten aldaketarako gogoa. Agintarien aldetik krisiaren aurrean orain arte bezala segitzeko asmoak ikusita, “justizia sozialean oinarrituriko bestelako gizarte eredua” bizi-bizi aldarrikatu da gaur Iruñean.
Arratsaldean, gizarte eragileek sindikatuekin batera deitutako manifestaldia abiatu da Golem zinemetatik. Parte hartzea berriz ere ikusgarria izan da, “Eredu sozial eta ekonomiko justuago baten alde, Euskal Herria borrokan” lelopean egindako ibilaldian. Gaztelu Plaza izan da berriz ere amaierako ekitaldia hartu duena, eta bertan, gazte batek eta emakume batek langileen borrokan gizarte osoak parte hartzeko beharra azpimarratu dute. “Kapitalismoaren eredua indarrean izan den garai hontan neoliberalismoaren jaia” ospatu dela salatu dute, erakunde publikoek ere eredu hori erabili izana gaitzetsiz. Ildo hortan gizarte laguntzak murriztuz joan direla zehaztu da, “pentsiodunak, etorkinak eta gaitasun urridunak” egoera larrian utziz. Etorkinak “erabili eta botatzeko” bailiran erabiltzea salatu dute, baita gizartearen txirotasun geroz eta handiagoa eragitea ere, gizarteko baliabide publikoak murriztearekin. Emakumeak eta gazteak ere enpresen eskutik orohar jasaten duten tratu txarra azpimarratu da, hori guztia bermatzen dutenak egun indarrean dauden politikak direla jakinaraziz. Horren aurrean, eta egungo boteredunen adetik “norabide berean jarraitzeko borondatea” ikusita, oraindik gehio, “euren posizioak irabazteko krisia baliatu nahia”, “parametroak erabat aldatzea” behar-beharrezkoa dela adierazi dute Gaztelu Plazako kioskotik. Ingurumenari eta nekazaritzari eragindako kalteak ere gogoratu dira: Salatu dutenez, “nekazaritzan, produktuen kalitatea gutxiesten da produktibitatea hazteko asmoz”, eta nekazariak nahiz gizarteko sektore ahulenak egoera geroz eta larriagora bideratzen dira. Ondasunak birbanatu eta pertsonen alde aritzeko, “elkartasunean” oinarritutako gizarte eredua aldarrikatu da: “Kapitalismoaren alternatiba eraikitzeko, bestelako Euskal Herria osatzeko baliabideez hornitu” beharra dagoela, eta hori “gizarte osoari” dagokiola. Horregatik, norberak bere lan arloan edo eremuan alternatibak bilatzeko deia luzatu dute. Horretarako bidean gaurko egunak izandako garrantzia azpimarratuz amaitu da ekitaldia: “Gizarteko arlo guztietan lanean gabiltzan eragileok gaurtik aurrera indarrean izanen den herritar dinamika baten hasiera dela uste dugu”, jakinarazi dutenez.
Grebaren aldeko erantzuna zabala izan bada ere, bertze aunitz izan dira langileen borroka honi bizkarra eman eta beraien lantegiak ireki dituztenak. Egun osoan gogor salatu da jarrera hori, eta aldarrikatzen diren eskubideak nahiz egungo gizarte ereduaren aldaketa lortzeko guztion elkarlana behar dela ikustarazi nahi izan da. Gizarteko sektore zabal batek bizi duen egoera larria dela ezagutara eman da, eta beraz, hori aldatu beharra dagoela. Jendartean dagoen haserrea erakutsi du langilegoak egunean zehar aurrera eramandako aldarrikapen eta salaketa dinamikak, eta hala ikusi ahal izan da arratsaldeko manifestaldia amaitzerakoan Iruñeko Alde Zaharrean izandako istiluetan ere.


