zer da nafarroan.com?

nafarroan.com (www.nafarroan.com) agerkari digital berria da, Nafarroa Garaian sortu eta Nafarroa Garaiari begirako komunibakide digitala.

nafarroan.com agerkariaren helburua Nafarroa ofizialak mututu nahi dituenei beren ahotsa entzuteko bidea eskaintzea izanen da. Izan ere, Nafarroa ofizialak gaur egun komunikabide mailako nagusitasuna dauka, salbuespenak salbuespen. Gure borondatea sasi-monopolio horri aurre egitea da, Nafarroa aldatzearen aldeko indar, pertsona, web orri edota bestelako subjektuen arteko konplizitateak bilatuz. Isilarazita dauden iritziak eta informazioak zabaltzeko tresna izanen da nafarroan.com.

nafarroan.com agerkariak Nafarroari buruzko eztabaida ideologiko politikoa bultzatu nahi du. Honetarako, Internetek eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu informazioa, azterketa eta iritziak zabaltzeko, direla idazkiak, argazkiak, grafikoak, audioa edo bideoa. Halaber, tresna berriak eskaini nahi ditugu jendearen arteko harreman, lotura eta elkarlana bultzatzeko.

Internetek isilarazi nahi duten Nafarroaren ahotsa entzunarazteko agertzen diren zailtasunak murrizten ditu. Beste mailatan itxirik ditugun ateak irekitzen dizkigu, eta bide batez jendearen parte hartzeari bide berriak eskaintzen dizkio. Besteek dirua eta poterea dauzkate, guk, berriz, ideiak, sormena, ilusioak, adorea, parte hartzeko grina, borondatea, kemena, eta, Interneti esker, hau guztia baliatzeko tresna eskuragarriak.

nafarroan.com agerkaritik eskua luzatu nahi diegu Nafarroa aldatzeko ilusioaz bat datozen jende nahiz taldeei egitasmoan parte har dezaten. Jende frangoren artean egin nahi dugu nafarroan.com, berriak, argazkiak edo bideoak bidaliz, iritzi artikuluak idatziz, komentarioen bitartez, epostak igorriz, sarean zehar edukiak zabalduz… Zuk edota zure taldeak nafarroan.com agerkarian entzunaraztea nahi dugu!

nafarroan.com zure agerkari digitala da!

Comments on this entry are closed.

</