Zentsura eta mehatxuak Nafarroako Ikastetxetan

4 Otsaila 2010

in agiriak / comunicados

http://www.euskaleskola.org/plazara-mainmenu-26/inposaketarik-ez-mainmenu-58/493-zentsura-eta-mehatxuak-nafarroako-ikastetxetan

Orain hilabete batzuk jakin genuen Nafarroan “Euskal Herria” terminoa zuten testu-liburuak eskoletatik kanporatu nahi zituztela. Pentsamendu bakarraren alde Santillanaren liburuak erabiltzeko derrigorrezko “gomendioa” eman zuten UPN-CDNko agintariek. Ikastetxe askotan mehatxu zaharra zela uste zuten eta ez zutela bururaino eramango zentsura. Baina denborak arrazoia eman digu erasoaren tamaina salatu genuenoi.

Zentsura egiteko bi oinarri erabiltzen dituzte. Lehenengoa testu-liburuen doakotasun programarena da. Programa honetan sartzeko testu-liburu batzuk baino ezin dira erabili (zerrenda), nolabaiteko “Label Navarroa” dutenak. Orain arte nahiko malguak izan dira testu-liburuekin, baina orain, hainbat zuzendarik esan digutenez, programan sartzeko zeintzuk liburu erabili behar diren murriztu dute. Aski da Euskal Herria agertzea programa kendu eta gurasoei liburuak erosteko gastua ezartzeko.

Bigarren faktorea ikuskatzaileena da. Inspektoreek orain arte ez dute presio berezirik egin gaiarekin eta testu-liburuen aukeraketa malgua baimendu dute. Baina hori bukatu da. Martxoaren 31ko muga eman diete ikastetxeei hurrengo urterako UPNk nahi dituen testu-liburuak erabiliko dituztela “erabaki” dezaten. Eta mehatxua zuzena da, hainbat ikastetxeko irakasle eta departamentutan ikusi den bezala.

Ikastetxe batzuk hasi dira neurria nola aplikatu ikusten. Orain arte erabiltzen dituzten testu-liburuak aztertu eta zenbat orrialde kendu beharko lituzkete aztertu nahi dute. Baina D ereduko ikastola eta ikastetxe askotan erabiltzen diren liburuetan orri askotan agertzen da Euskal Herria nola edo hala. Liburu batzuetako orriak fisikoki moztu dituzte zer irakatsi daitekeen eta zer ez ikusteko eta emaitza izugarria da.

Euskal Herriak Bere Eskolan egoera hau zentsura hutsa dela uste dugu. Ikastetxeen autonomiaren aurkako neurria izatez gain gure herriaren aurkakoa ere bada. Atzo bertan jakin izan genuen, gainera, Nafarroako Gobernuak eginiko zentsura eta presioa dela eta EAEko ikasleek ere ezingo dutela legalki Euskal Herria ikasi euren ikasgeletan.

Aski da! esateko momentua iritsi da! Nafarroan hainbat mobilizazio izango dira hurrengo asteotan Hezkuntza Deialdiaren barnean (horiek aurrerago iragarriko ditugu). Eta noski, egoera honi buelta emateko antolatu eta mobilizatzea beharrezkoa da. Martxoaren 13an, denok Bilbora!

Leave a Comment

Previous post:

Next post:

</