Sortzen-Ikasbatuaz: “A eredua iruzurra dela konturatzean aldatzen dira beste batetara”

29 Urtarrila 2010

in berri nagusiak / noticias destacadas, berriak/noticias

Joan den astelehenean Diario de Navarra-k Nafarroako hezkuntza zentruetan izaten den hizkuntza eredu batetik bertzerako aldaketen berri eman zuen. Titularrean aldaketa gehienak A eredutik (euskara ikasgai bakarra dueña) G eredura (gaztelera hutsean) ematen direla nabarmendu zuen egunkari horrek. Sortzen Ikasbatuaz elkarteak hurbiletik segitzen ditu hezkuntzaren nondik norakoak, eta baita nafar jendarteak eskatzen duena ere. DN-k ateratako berria baloratzeko eskatzean, elkarteko koordinatzailea den Nestor Salaberria-ek argi azaldu du datu horiek adierazten dutena: “A eredua iruzurra da, eta hortaz konturatzean erabakitzen dute ereduz aldatzea. Izan ere, A ereduak euskara ikasteko aukera ematen duela sinestarazi nahi dute, baina hori ez da horrela. Jendea engainatu egiten dute”.

Salaberriak jakinarazi duenez, nafar gizarteak euskalduntzen duen eredua bilatzen du, D ereduak egiten duen bezala, baina hori ez da posible herrialde guztian, “Vascuence”-ren legeak ezarritako zatiketa indarrean izanik. A eredua aukeratu eta euskara gisa hortan ikastea ezinezko ikustean, ereduz aldatzea erabakitzen dute, eta kasu gehienetan G eredura igarotzea bertze aukerarik ez dute, leku askotan ez baita D eredua eskaintzen. Hori horrela izanik, eredu batetik bertzerako mugikortasuna norabide bakarrean emateko aukera dagoela salatu du.

Egunkari horrek argitaratutako berriaren atzean “Gobernuak D ereduaren aurka darabilen joku zikina” dagoela baieztatu du Sortzen-eko ordezkariak. “Hamaika saiakera” izan dituzte eredu horren aurka, “eta ez dakite nola galgatu D ereduaren eskaera: J eta TIL ereduak asmatu dituzte, A eredua ezabatu nahi dute D eredua isolatua gelditu dadin…”, gaineratu du, hori guztia Nafarroako Gobernuak euskararen contra darabilen politikan kokatu duelarik.

Gisa hontako berrien eta jokabideen aitzinean “jendeak ez dezala kasurik egin” gomendatu du Salaberriak, eta alderantziz, honako oharra zabaldu nahi izan du: “D eredua da, oraingoz behintzat, bertako hizkuntza guztiak ikastea bermatzen duen bakarra, eta hori da nafar jendarteari gomendatzen dioguna”. Horregatik, seme-alabak “euskaldun eleanitzak” izateko, datorren otsailaren 5etik aitzinera eredu hontan matrikulatzera animatu du nafar jendartea.

Leave a Comment

Previous post:

Next post:

</