Sarrigurenen euren seme-alabak euskarazko hezkuntzan ikastea erabaki duten gurasoek zailtasunez beterik hasi dute ikasturtea. Bertan aurten ikastetxe berri bat ireki den arren, Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute bertan D ereduko eskaintzarik, eta beraz, Iruñeko Mendillorri auzora mugitzera behartuak daude. Hezkuntza Sailburua den Carlos Perez-Nievas-ek “eskaerarik ez zegoela” argudiatuz azaldu du gabezia hori, baina bi egunetan egin zen sinadura bilketak 18 ikasleren eskaera badagoela agerian utzi zuen, eta beraz, gurasoek ez dute ulertzen sailburuaren azalpen hori. Baina ez da hortan amaitzen guraso horien arazoa: Haur Hezkuntzan dituzten seme-alabak anai-arreba zaharrenen ikastetxe berera bidaltzeko beharra dute, baina Hezkuntza Sailak garraiobiderik gabe utzi ditu ikasle horiek, “tokirik ez dagoela eta”. Beraz, zaila ari da suertatzen guraso hauen aukera, nahiz eta Perez-Nievas-en hitzetan ez den hainbertzekoa seme-alabak leku ezberdinetan dauden bi ikastetxera bidali behar izatea.
Garraiobiderik gabe gelditzen zirela ikasturtea hasi baino egun bat lehenago eman zitzaien jakitera. Protesta moduan, haurrak oinez egin dute Sarrigurendik Mendillorrirako bidaia, klaseak ordu eta erdi beranduago hasi behar izan dituztelarik. Hezkuntza ereduak aukeratzerakoan ematen den berdintasun eza salatzen dute gurasoek, eta konponbidea lortzeko asmoen ordez, hezkuntza sailburuak egindako adierazpena ia iraingarri dira guraso hauentzat. Gaur goizean agerraldia egin dute euren egoera ezagutara eman eta Perez-Nievas-ri erantzuteko. Lehenik eta behin eskerrak eman dizkiete babesa erakutsi dieten eragile guztiei, bereziki Sarrigurengo eta Mendillorriko Elorri eta Mendigoiti ikastetxeei, eta baita Eguesibarreko Udalari eta Sortzen Ikasbatuaz-i.
Hezkuntza Sailburuak egoera honen berri aurre-matrikulazio garaitik zutela adierazi du bai Parlamentuan, baita komunikabideen aitzinean ere. Hori gezurtatu dute gurasoek: Izan ere, abuztura arte ez dute jakin Sarrigurenen ez zela Lehen Hezkuntzan D eredua eskainiko, eta horren aitzinean, haur guztiak ikastetxe berean matrikulatzea erabaki zuten, horretarako garraiobidea eskatu zutelarik. Erran bezala, irailaren 2a arte ez zuten jakin txikienek ez zutela zerbitzu hori izanen. Perez-Nievas-ek egindako bertze adierazpen bat gurasoen eskaera “beste herri batzuekiko irain konparatiboa” dela da, bertze leku batzuetan egoera makurragoan daudelako. Sarrigurengo gurasoek onartezintzat jo dute horren errua beraiei kargatu nahi izatea, izan ere, Mendigorria, Larraga, Artaxoa eta Kortes bezalako herrietan euskaraz ezin ikasi ahal izatea, eta beraz, horretarako herritik mugitu behar izatea, Hezkuntza Sailaren ardura da, eta berak konpondu beharrekoa. Perez-Nievas-i eskatu diote “ez gaitzala Nafarroan edozein lekutan bizi direnen eskubideak murrizteko erabili”. Gurasoen eskaerari muzin egiteko izan duen bertze jokabide bat “oldarkorrak direla” eta “haurrak politikoki erabiltzen ari direla” izan da. Zentzu hortan, Nafarroako Arartekoak Sarrigurengo familia bati arrazoia eman diola eta Hezkuntza Sailari guraso horien eskaera betearazteko agindua eman duela gogorarazi dute, beraien eskaera guztiz zilegia dela agerian utziz.
Arartekoak irailaren 9an eman zuen agindua, eta beraz, Hezkuntza Sailak bi hilabeteko epea du behar diren neurriak martxan jartzeko. Egoera berean dauden gainerako gurasoek ere Arartekoarengana jotzeko asmoa erakutsi dute, baina Perez-Nievas-engana zuzenduz, bide hortan luzatzea “denbora galtzea” ez ote den adierazi dute, iada agerian gelditu baita gurasoen eskaerari erantzuteko beharra. Horregatik eskatu diote “behin betiko zure akatsa aitortu eta Sarriguren eta Nafarroako auzo eta bailara guztiei D ereduan, euskaraz, ikasteko eskubidea berma ezazu maila guztietan”.
Gogoratzekoa da aurtengo ikasturtearen hasiera Sarrigurengo protestek markatu duten bezala, joan den ikasturte amaieran Txantreako Axular ikastolakoena nabarmendu zela, horrelakoak beti euskarazko hezkuntzan ematen direla ikustaraziz, eta beraz, nafar herritarren hezkuntza ereduaren aukeran berdintasunik ez dagoela.

horma - muro RSS Feed